XX. mendeko Euskararen Corpus estatistikoa

Testuingurua

Gaur egun, gehiago dirudi zaborbiltegia parkea baino.

Haurrak ere ez dira joaten jolasera, baldin eta gurasoek ez badiete espreski debekatzen parke zaharrean ibiltzea.

Hori eguraldi txarra egiten duen egunetan gertatzen da bereziki.

Hango zikinkeriaren beldur, ama batek baino gehiagok oihu egiten dio seme edo alabari haruntz azaldu ere ez egiteko - etxetik entzuten ditut debekuak - eta, hain juxtu, orduantxe ikusten dut bat edo beste putzuetan saltoka.

Baina egun horietan, eguraldi txarra egiten duenetan, bikoteak ez du bere aulkia erabiltzen.

Toki estaliren bat izango dute elkar ikusteko.

Horregatik ez zaizkit gustatzen egun euritsuak.

Ezin ikusi izaten dut, lotsati, neskak mutilari nola heltzen dion edota, agurtzerakoan, ordu-erdi eskas elkarrekin egin ondoren, mutila atzera begira nola aldentzen den.

Horrek asko tristetzen nau.

Ez ikusteak adina, nola banantzen diren ikusteak.

Entzuten ez ditudan arren, urrutitik nabari da ordu luzeak egin nahi lituzketela bata bestearen ondoan, belarrira kontu goxoak esanez, edota isilik, eskutik helduta, bakoitza alde banatara begira.

Baina ezinezkoa da.

Nahi gabe aurkitu dut arrazoia.

Lehengo batean ogia erostera jaitsi nintzen.

Asterako enkarguak hemendik gertu bizi den alabak egiten dizkit, niretzat karga gehiegi dela esanez.

Ogirik ez dit ekartzen.

Ez egunero erosi beharreko zerbait delako, baizik eta ekarriz gero gehiegi jaten dudala leporatzen didatelako.

Pixua ez zaidala komeni esan zien behin medikuak, eta orduz geroztik ogirik gabe bizitzera kondenatu naute.

Baina ni, kostata, astean behin sikiera, ogiaren bila jaisten naiz.

Okinak ere badaki ez zaidala komeni (...).